Hainbat Gradu eta Master Amaierako Lanak gauzatzean bidelagun izan garen honetan, Mugarik Gabeko Ingeniaritzatik ikerketa hauen eraldaketarako ahalmenaren inguruko azterketa bat burutzea otu zitzaigun. Hori dela eta, prozesu honetan lan hauek norbanakoaren eta gizartearen eraldaketarako lanabes moduan ulertzen duten ekimen batzuetara gerturatu gara. Lan honetan, esperientzia hauetan parte hartu duten ikaslegoaren bizipenak jakitearen beharraz ohartu ginen, eta pasa den ekainean hauen inguruan patxadaz hitz-egiteko solasaldi bat burutu genuen.
Ekintza honetan batu ginen pertsona anitzok (ingeniaritza arlo ezberdinekoak, zientzialariak, gizarte langileak, arte ederretan adituak,…) denon ideiekin gizarte eraldaketa zein zentsutan ulertzen dugun landu genuen. Bizitza eta kapitalaren artean aukeratzera behartzen gaituen dikotomia askaezina dela eta, gizarte eraldaketarako apustuak argi du noranzkoa. Beharrezkoa da bizitzea merezi duen bizitzak erdigunean jartzea, eta horretarako kontzientzia eta jarrera hartzetik hasi, bertan kokatu eta bertatik nahien arabera abiatzea da xedea. Hasieratik azaltzen da funtsezko adostasuna bat: ez dago gizarte eraldaketarik maila pertsonalean nolabaiteko eragiterik ez badago.
Esperientzien aniztasuna izanagatik ere, denek azaleratzen dute beraien GrALak munduko egoeren inguruko kontzientzia izateko mugarri izan direla. “Hasieran GrAL bibliografiko bat egin nahi nuen, baina lankidetzaren munduari eginiko begiradatxoarekin, ni neu aztertzeko beharra izan nuen”. GrALa egitean ordurarte egingabeko galderak sortu ziren, nolabait jarraitu beharreko ekinbidea ulertzeko balio izan dutenak: Zein da nire aportazioa? Zertarako egiten dut? Zein modutan egin nahi dut?
Hala ere, esperientzia oparoak izanagatik ere, mugak ere aurkitzen dira. Adibide dira denbora urritasuna, edota bukaerako txostenaren egitura zurruna, bertan formakuntza eta ikerketa prozesu hauetako hainbat alderdi agertezin eginez. “Alde teknikoa soilik adieraztea eskatzen zidaten, gizarte ikerketa guztia eranskinetara”. Unibertsitateko ikasketa prozesuan gizarte eraldaketarako GrALa bat burutzeko tresnarik ere ez izatea zailtasuna da. Ikasgeletatik kanpoko gaiak lantzeak dakarren ezagutza falta horrek, GrALa burutzean gai horren inguruan sakontzeko beharrak ere prozesua bizigarri egiten du: “ikasketetan armagintzaren industriari buruz hitz-egiten digute, eta GrALa ISF-MGIrekin egiteak ilusioa eta ikasketei jarraibide berri bat ematea laguntzen du”.
Bukatu baino lehen, denboratxo bat hartu genuen GrAL/MAL programaren inguruan hobetzeko proposamenei buruz hitzegiteko. Ideia batzuen artean, lan hauei jarraipena egiteko irakaslego konprometitu gehiago izatearen beharra aipatu zen, batzuetan zaila izaten da eta tutorea izatea. Unibertsitatea gizarte mugimendu eta eragileei hurbiltzearen beharra ere adierazi zen, gizarte antolatuaren behar eta nahiak asetzeko gai diren esparruak landuz eta babestuz. Ikasketetetan egin beharreko praktikak eta GrALa uztartzearen aukeran ere sakontzea aipatzen da, bai ikerketa hauen hedapena handitzea baita GrALen emaitzen jarraipena egitea ere. Hurrengo hilabeteetan Mugarik Gabeko Ingeniaritzatik lantzen ari garen ikerketa baterako erabilgarri izango diren 20 bat proposamen jaso dira. Bejondeizuela!
La entrada Gizarte eraldaketarako apustua egin duten GrALei buruzko solasaldia aparece primero en ISF Euskadi.
0 comentarios