El Salvadorko landa-eremuetako testuinguruetan urak duen irisgarritasunera begirada feminista

por Mugarik Gabeko Ingeniaritza

miércoles 11 de septiembre de 2019

por Mugarik Gabeko Ingeniaritza

miércoles 11 de septiembre de 2019

Eva Perez-Pons gure kidearen artikulua partekatzen dizuegu

Emakumeak eta ura elkarri lotutako bi kontzeptu
dira; gaur egun oraindik, emakumeak dira lan erreproduktiboaz
arduratzen lehenak mundu mailan. Aitzitik, ura lortzeko dugun
eskuragarritasuna ez da berbera Iparralde eta Hegoalde Globalei
erreparatzen badiegu. Era berean, aipaturiko eskuragarritasuna ez da
berbera landa-eremuetan edota hiriguneetan.

Uda
honetan, uraren eta genero-arrakalaren inguruko hainbat saio eta
tailerretan parte-hartzeko aukera izan dugu, zeinetan El Salvadorko
landa-eremuetako emakumeen egoeraz hausnartzeaz gain, egoera horiei
aurre egiteko estrategiak (bir)pentsatzeko aukera izan dugun. Saio
horietako bat Julia Evelyn ekonomialari feministak eskaini zuen El
Salvadorko Santa Marta komunitatean. Saio horretan, El Salvadorko
jendartearen testuingurua aztertzeko, izeberg-aren beheko zatian
(ikusten ez dena) zentratu ginen: zaintza lanetan. Hori aztertu
ezean, ezein analisi geratzen baita erdixka. Zaintza lanek bizitzako
etapa guztietan (jaio garenetik hil egiten garen arte) daude
presente. Ekonomia feministak etapa horiek guztiak duintasunez
bizitzea aldarrikatzen du. Hau da, beharrizan fisiologikoak
(arnasketa, elikadura egokia, kalitatezko ura edatea, sexualitate
segurua…) eta segurtasunezkoak (habitat segurua, afektibitatea,
sozializazioa eta hezkuntza, konfiantza…) bermatu daitezela.

Aurretiaz
esan dugunez, beharrizan fisiologikoek eta segurtasunezkoek zaintza
lanen beharra dute. Hala nola, autozaintza, dependenteak diren
pertsonen zaintza eta zaintza kolektiboa. Ahaztu barik,
zaintzailearen zaintza. Zaintza lan horiek era egokian aurrera
eramateko hiru baldintza bete behar direla aldarrikatzen du Evelynek:
ziklo naturalen jarraikortasuna (uraren zikloa, oxigenoa,
landareak…), baliabideak (denbora, ezagutzak – nola zaindu behar
bereziak dituen pertsona bat – eta azpiegiturak – ura, argia…) eta
zaintzaren etika (zaintzaren gaineko kontzientzia indibidual eta
kolektiboa). Horiek barik, hau da, bizitza aurrera eramateko behar
den espazioa ahul badago, bizitzaren jasangarritasuna kolokan jartzen
da.

Artikulu honetan uraren irisgarritasunean jarriko
dugu begirada, aztertzeko nola eragiten dien horrek Hegoalde
Globaleko landa-eremuko emakume eta neskatoei. 2017ko El Salvadorko
edateko uraren irisgarritasuna aztertuz gero, ikus daiteke nola
dauden alde nabariak landa-eremuen eta hiriguneen artean. Hoditeria
bidez ura etxeetara eskuragarri zituzten biztanleen guztizkoa %
88,3koa zen, baina horietako %95,5a hirigunean bizi zen eta % 6,5a
landa-eremuan. Putzutik eskuratzen zutenak, aldiz, guztizkoaren %
6,2a zen, horietako % 11,7 landa-eremuan bizi zen eta % 2,9a
hirigunean. Hala ere, edateko uraren kalitatea ez da bermatzen. El
Salvadorko estatuak uraren gainean duen kudeaketa eta legedi
txarraren ondorioz, ura enpresa pribatuen esku dago eta ez da
tratatzen. Gaur egun, uraren % 90a inguru dago kutsaturik eta
tratamenduari dagokionez, 2017an herritarren % 12,8ak soilik egiten
zion urari nolabaiteko tratamenduren bat (ura irakitzen jarri,
iragazki batetik pasarazi, kloratu… ), horietako % 11,3a hirigunean
bizi zen eta % 15,5 a landa-eremuan. % 70,3ak ez zion urari inolako
tratamendurik egiten (% 64,7a hirigunean eta % 88,4 landa-eremuan
bizi zen), eta % 16,9ak ura botiletan erosten zuen, % 4,1a
landa-eremuko biztanleria izanik eta % 24a hirigunekoa (DYGESTIC,
2017). Arazo horiei gehitu behar zaie klima-aldaketaren eta
deforestazioaren ondorioz estres hidrikoa areagotu egin dela.

Uraren
gabeziak zuzenean eragiten dute emakumeen egunerokotasunean eta
bizitzetan, haiek baitira etxeko lan erreproduktiboaz arduratzen
direnak, eta ondorioz, ura eskuratzeaz arduratzen direnak. Izan ere,
edozertarako da beharrezkoa ura: arropa garbitzeko, harrikoa egiteko,
janaria prestatzeko, etxea eta norbera garbitzeko, edateko… Uraren
irisgarritasuna ziurtatzen duen azpiegiturarik egon ezean, emakumeek
eta neskatoek ekarri behar dute ura ibaitik edota putzutik, edo
etxeko lanak bertan egin. Guzti horrek osasunean, hezkuntzan eta
beste espazio kolektiboetako parte-hartzean eragin zuzena du, bai eta
emakumeen segurtasunean. Era berean, ur faltak zuzenean duenez
eragina emakumeengan, haiek dira pribatizazioak mehatxu egiten
dienean borrokak burutzen dituztenak.

Landa-eremuetan
eguzki-energia bidezko ur-sistema isolatuak jartzen hasiak dira
egoera horri aurre egiteko. Ikustekoa da nola uraren horniketa
egiteko azpiegitura jartzen denean gizonak inplikatzen diren, baina
formulak prekarioak direnean, emakumeen gain erortzen den zama osoa.

Bestalde,
sistema isolatuek kudeaketa egokia behar dute instalazioa egin
ondoren biziraun dezaten; hau da, komunitateak sistemak ekar ditzaken
arazoei aurre egiteko. Hori dela eta, garrantzitsua da herritarrak
prozesuan inplikatzea eta sistema osoaren funtzionamendua ulertzea.
Sistema hauek pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko prestaturik daude,
etxeko beharrizanei aurre egiteko. Animaliak elikatzeko, landak
ureztatzeko, ibilgailuak garbitzeko… erabiliz gero ura, sistemek
ezin dute eskaria asetu ura eta sistema mugatuak direlako eta
etxebizitza asko oinarrizko beharrizanak asetzeko ur barik geratzen
dira. Bestelako aktibitateentzako ura lortzeko alternatibak sustatu
beharra dago, esaterako, euri-ura pilatzea edo erabilitakoa
birziklatzea.

Testu
honen hasieran, ekonomia feministaren aldarrikapenetako bat bizitzako
etapa guztiak duintasunez bizitzea dela aipatu da. Sistema isolatuek
erraztu egiten dute beharrizan fisiologikoak eta segurtasunezkoak
betetzeko behar diren baldintzak, baina instalazioa egitearekin ez da
nahiko. Emakumeak kontziente dira egunero egiten diren esfortzuaz eta
nolako eragina duen haiengan. Egoerari aurre egiteko beharrezkoa da
lanketak gizonekin egitea eta zaintza lanetan inplikatzea, ostera,
emakumeen gaineko lan karga bikoiztu, edo kasurik okerrenean,
hirukoiztu egin daiteke.

La entrada El Salvadorko landa-eremuetako testuinguruetan urak duen irisgarritasunera begirada feminista aparece primero en ISF Euskadi.

0 comentarios

Enviar un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.