Ez al duzu inoiz sentitu politikariek datuekin
nahastu egiten gaituztela? Neurri politiko zehatz baten emaitza
positibo naiz negatiboa izan daitekeela aldi berean? Nola liteke
informazio iturri fidagarrietatik omen datozen datuek istorio guztiz
ezberdinak kontatzea esatariaren arabera? Bada, arrazoia uste baino
sinpleagoa da. Jo dezagun adibidez pobreziaren kontzeptura.
Norbanakoen buruan oso kontzeptu sinple eta ulergarria dirudien
honek, infinitu ebaluazio irizpide eskaintzen ditu eta, hortaz,
infinitu irakurketa ezberdin eskaini ere. Beraz, pobreziarekin amaitu
edo gutxitzeko saiakeran, nola jarriko gara ados ezarri beharreko
neurrien inguruan, lehendabizi errealitatea ikuspuntu berdin batetik
ikusteko gai ez baldin bagara?
Ikerketa
baten emaitzak aztertzeko orduan, emaitza bera bezain garrantzitsua
da hau lortzeko erabili diren laginaren ezaugarriak eta ezarri diren
adierazleak ezagutzea. Ezer gutxirako balio du pobreziaren datuak
milaka pertsonatan edo ehunekotan jasotzea pobrezia karakterizatzeko
ezarri diren mugak ulertu gabe: zer da pobrea, jatekorik ez duena?
Eguneko euro batetik beherako diru sarrera duena? Edo lotarako
teilaturik ez duena?
Orain
dela ez asko arte, pobrezia zer den zehaztu eta honen inguruko
zenbaki eta estatistikak idazteko adierazle ekonomiko hutsak hartu
izan dira, hala nola gizabanakoen errenta. Pobrezia neurtzeko metodo
honi, zeharkako metodoa deritzo. Azkeneko urteetan, ordea, zenbait
erakundek pobrezia eta batez ere gizartearen garapena neurtzeko
adierazle anitzagoak bereganatu dituzte, pertsona pobrea oinarrizko
beharrizanak betetzeko gaitasunik ez duena kontsideratuz; metodo
zuzena.
Hala
ere, arazoa konpontzetik urrun, adierazle gehiagoren erabilerak
informazio zehatzagoa eskaintzen badu ere, pobreziaren karakterizazio
arazoa areagotzen du: egon daitezkeen ehundaka adierazleen artean,
esanguratsuenak kontsideratzen direnak hautatu behar dira batetik eta
haien arteko harremana eta mugak ezarri bestetik.
Pobrezia
gutxitzeko lanek ere, konplexutasun maila altua eskatzen dute.
Pobrezia arazorik ikusi ez eta beste alde batera begiratzea
erabakitzen duten norbanakoak alde batera utzita, herri aberats
askoren arazoetako bat, haien bizitzari aldaketarik eragin gabe
pobreziarekin amaitzeko saiakera da. Herrialde ezberdinen arteko
harremanetan adibidez, zaila izaten da hipokresian ez erortzea. Uko
egiten al diogu ekoizpena herrialde txiroen pertsona eta baliabideen
esplotazioan oinarritzen duten ekoizleen produktuak erosteari?
Begiratzen al dugu gure mugikorrak sortzeko erabilitako mineralen
jatorri ilunari?
La entrada HAIN SINPLEA ETA HAIN KONPLEXUA aparece primero en ISF Euskadi.
0 comentarios