Messi – Medikua – Unibertsitateko maisua – Neska gazte eta liraina – Kaleko saltzaile afrikarra – Eskalea – Nerabe marokoarra

por Mugarik Gabeko Ingeniaritza

jueves 28 de noviembre de 2019

por Mugarik Gabeko Ingeniaritza

jueves 28 de noviembre de 2019

Arrate Zelaia Eizaguirre. Herri Antolakuntza ponentziaren inguruko hausnarketa.

5 minutu baino gutxiago behar izan ditugu rol-play batean ezezagunak
zitzaizkigun rolekin pasiatu eta guganako erreakzioei erreparatuz
goiko sailkapena osatzeko. Konsigna: gizartean oro har ematen diren
erreakzioak erreproduzitu.

Zapalkuntzaren antzerkiaren bidez
lortutako errenkadatik argi geratzen da denok ezagutzen ditugula
gizartean bakoitza bere lekuan jartzeko dauden mekanismoak. Baina
gizartea ez da ente bat, guk osatzen dugu eta hortaz, mekanismo
horren parte diren keinuak ezagutzen ditugu ikusi eta egiten
ditugulako. Sexismoa, arrazismoa eta aporofobia, beraz, guztiz
barneratuta ditugula onartu beharrean gaude.

Errenkada osatu eta gero nor zaren
asmatzean baita sailkapena bera egitean barneko aurreiritzi eta
ezjakintasunak ateratzen dira. Neska gazteak, nor zen jakin gabe,
atzera joan nahi izan du sailkapenean eta beste partaideek zuzendu
dute, bere lekua ez omen zegoen hain atzean. Beraz, nor zaren jakin
gabe, bestea nor den ikusita eta jasandakoa pairatu eta gero,
badakizu zure lekua bestearekiko ere bai. Zer jasaten duzun eta zer
ez duzun jasaten, biak dira pistak zure lekua zein den jakiteko.

Baina
sailkapen prozesutik ordea galderak datozkit. Neska gaztearen
sailkapena zuzendu denean taldeko emakumeen artean sortu diren keinu
eta irri konplizeetan ez ahal da emakumeon hezkuntza mugatzailea
plazaratu? Zergatik kendu diogu Neska gazteak jasandakoari
garrantzia? Beste alde batetik, neska gazteak protestatu gabe onartu
du zuzenketa, ez ahal ditugu guk jasaten (eta gorroto) ditugun
zuzenketak erreproduzitu obeditu zezan? Ideiak adierazteko eran ere
barneratuta dauzkagun sinismen mugatzaileak ateratzen direla argi
dago. Garrantzitsuagoa dena oraindik, gure aurreiritzi eta sinesmenek
ez dituzte besteak bakarrik mugatzen, gure burua ere mugatzen dute.

Gizartearen argazkia ateratzeko
dinamika apropos honetan zapalkuntza sistemek gure jarreretan noraino
egon daitezkeen barneratuta errez ikus daiteke. Dinamika parte
hartzen duten kopuruaren menpekoa izanik ez dira gizarte honetako
zapalkuntza guztiak atera. Triada nagusitik at, kapitalismoa,
patriarkatua eta kolonialismotik kanpo kapazitismoa eta adultismoa
faltan bota dira emaitza aztertu denean.

Kapitalaren garrantziari erreparatuz
argi geratzen da diruaren arabera sailkatzen garela gizartean, baina
arraza aldagaia sartzen baldin badugu migratzaileak atzera doaz
zuzenean. Emakumearen balioa aldiz, ez da diruan egon, bere itxuran
baizik. Ez diogu gure buruari galdetu dirurik duen edo ez
liraintasunak definitzen zuen bere lekua.

Nerabe marokoarrak jasan du mesprezu
gehien, eskalea aldiz gizartetik at sentitu da, ikusezina. Baina
futbolariak ere bere ekintza gaitasuna besteen erreakzioen menpe
ikusten zuenez berak bere burua gizartetik kanpo utzi du.

Nabarmentzekoa da aintzat hartu ez
diren rol guztiek etengabe gorde dituztela mina eragiten dizkieten
sentimenduak barnean, egoera honek gizartean amorrua ezkutuan
daramagula adierazten du. Baliteke horrela bizi behar duen jendez
inguratuta bizitzean “errugabe izanda noizbait beste batek
eragindakoa ordaintzea”.

Baina ni ez nago ideia horrekin
ados, momenturen batean norbaitek barnean duen amorrua aurpegiratuko
baligu aukera moduan ikusi beharko genukeela uste dut. Gure burua
amorruaren eragile moduan ikusten ez baldin badugu ere, enpatia falta
edo keinuren bat egin dugula onartu beharko genuke amorru hori
aterarazi baldin badugu. Eta horrela izan ez bada ere maitasunez
erantzun beharko genukeela pentsatzen dut. Talde moduan mindutakoa
talde moduan osatu beharko da eta gugandik hastera animatzen
zaituztet.

Hala ere, ezin dugu ahaztu sistema
zapaltzaile baten barruan bizi garenik, egituratutako zapalkuntzak
dira jasaten ditugunak eta pertsonen gehiengoa dago eguneroko
bizitzan zapalkuntza maila ezberdinak jasaten.

Eredu hegemoniko honetan, non
ideologia indibidualista eta merkantilista bizi dugun, jaiotzez
ditugun baliabideek kokatzen gaituzte gizartean. Errealitatean,
aukera ezberdinak ditugu, baina meritokrazia ez dator
errealitatearekin bat eta desabantailekin jaiotakoa errudun
sentiarazteko eta politikoki baliogabetzeko balio du. Honez gain,
baliabide gehiago eduki dituenak bestea lagundu ezkero mesedetan
dabilela sentituko du, ez aberastasuna banatzen. Horrela gizartea
kutxatan banatzen da elkarren arteko aliantzak sortzea galaraziz.

Sistemak lan ona egiten du alde
batetik, gu banatuz eta taldearen indarra ahulduz eta bestetik,
alternatibak ezkutuan mantentzen ditu. Horrela inertziak aurrera
darrai eta pribilegioak denboran mantentzen dira desberdintasunak
handituz. Ondorioz, bakoitzaren lana bilakatzen da kontzientzia
zabaldu eta horri aurre egitea. Sistema bidegabeari aurre egiteak
garrantzia badu ere erabat ziur nago konponbidea kontzientzia
zabaltzea dela. Alde batetik, egiten ditugun keinuak etab.
identifikatzeko (ezabatu ahal izateko) eta bestetik taldea,
komunitatea, osatzeko.

Bide honetan lan egiten dute Herrien
partea hartzea sustatzen dabiltzan asko, adibidez Zesar Martinez
(azaldutako dinamika prestatu zigunak). Herria antolatu eta sujetu
politiko bihurtzen lagundu, identifikatu dituzten arazoei elkarrekin
aurre egiteko. Ideia sinplea baina aurrera eroaten latza.

Helburu hori prozesu askatzaileen
bidez eramaten dute aurrera, taldea batu eta kontzientzia kolektibo
politikoa sortzeko asmoz. Parte hartzearekin ez delako nahikoa.
Boterea herrian ez dagoenez antolatzea ezinbestekoa da.

Prozesu askatzaile hauek dinamika
osatzaileak izaten dira, non partaide bakoitzak bere bizipenak
aurkezten dituen. Aurkezpen hauek modu ordenatu batean egiten dira
jerarkiak ekiditeko. Txanda-pasa erabiltzean, berdintasuna bermatzen
da taldeko partaideen artean eta partehartzaile bakoitzaren ahotsa
entzutea bermatzen da. Prozesu honen ondorioz talde sentimendua
indartzeaz gain auto-konfiantza sustatzen da. Kolektiboki eta
indibidualki sendotuz.

Horrela, taldea bera agente politiko
bihurtzen da eta nahikoa indar baldin badu botere dialektikan
azaltzeko aukera izango du. Politika goitik eginda etorri ez dadin,
gizartean kontzientzia zabaltzea ezinbestekoa den heinean,
gizartearen babesa lortzeko antolatuta egotea ezinbestekoa da indar
hori lortzeko.

Ildo honetan lan egiten du
Ikerketa-Ekintza deiturikoak. Kezka eta interesetatik abiatuz,
hausnarketa dinamiketatik pasatuz diagnostikoa osatu eta ekintza
planarekin bukatzen da. Helburua komunitatea osatzea da sare sozialak
sendotuz.

Eta zergatik
da garrantzitsua komunitatea sendotzea? Desberdintasunak txikitzeko
bidea izateaz gain, zaurgarriak garelako eta elkarren beharra
daukagulako. Bizi garen gizartean edozein egoera bidegabe pairatu
duenik baldin badago ez garelako inoiz gizarte baketsu bat izango.
Denak libre izan arte gu ere ez garelako libreak izango. Barneratuta
ditugun aurreiritzi, sinesmen etab.-ek ez bait digute kide on ezta
egokiak izaten uzten, gu ere pertsona mugatuak baitgara motxila hori
daramagun bitartean.

La entrada Messi – Medikua – Unibertsitateko maisua – Neska gazte eta liraina – Kaleko saltzaile afrikarra – Eskalea – Nerabe marokoarra aparece primero en ISF Euskadi.

0 comentarios

Enviar un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.