Onintze Parra, garapena, lankidetza eta giza garapenerako teknologiak mintegiko ikasleak, idatzi du artikulu hau.
Euskaltzaindiaren hitzetan, burujabetzaren definizioa hurrengoa da: herriez mintzatuz, bere buruaren jabe izatea, beste inongo herriren mende ez izatea. Burujabetzari buruz hitz egiten dugunean, eskubideei buruz hitz egiten dugu. Burujabetza arlo askotan lantzen da eta, gaurkoan, elikadura burujabetza, burujabetza energetikoa, teknologikoa eta uraren burujabetza izan dira eztabaida gaiak.
- ELIKADURA BURUJABETZA
Elikadura burujabetzari buruz hitz egiteko, Bizilur erakundetik etorri zaizkigu Miren eta Andoni. Elikadura burujabetzari dagokionez, La Via Campesina mugimenduak sortutako terminoa da. Munduko baserritarrek gaur egun ezarrita dagoen eredu kapitalistari aurre egiteko eskura jartzen diguten alternatiba da. Mugimendu honek jendeak euren elikadura, nekazaritza, abeltzaintza eta arrantza sistemak definitzeko eskubidea defendatzen du. Ildo nagusiak hiru dira: bertoko alternatibak, feminismoa eta internazionalismoa.
Apur bat kokatzeko, gaur egun gosea pasatzen duten gehiengoak landa girokoak dira, hauen % 75 emakumeak direlarik. Jakina da elikagaiek burtsan kotizatzen dutela, beraz, bertan erabakitzen da jakiek duten prezioa. Are gehiago, mundu mailan, bost edo hamar enpresek erabakitzen dute elikadurari dagokion ia guztia. Beraz, non gelditzen da burujabetza, demokrazia? Zein da nekazari, baserritar, abeltzaintzen papera? Industriaren esklabo bihurtu behar dira aurrera jarraitu ahal izateko? - Mundu Gerraren ondoren hasi zen bideratzen mugimendua. Gerraostean gosetea zen arazo nagusienetarikoa, eta elikagaiak ekoizteko beharra zegoen. 1. sektorea industrializatu zen, nekazaritza eremu txikietatik handietara pasatuz. Kanpoko dependentzia zeukaten nekazariek (animalientzako pentsua kanpotik ekartzen zuten, adibidez), eta zorpetzen hasi ziren. Ama lurraren pribatizazioa ekarri zuen guzti honek, eta elikadura eskubidea galduz joan zen. 2002an, Elikagaien Munduko Gailurrean sortu zen elikadura burujabetzaren proposamenik nagusiena. Munduko baserritar, abeltzain, indigenak eta abar elkartu eta proposamen politiko-tekniko bat eratu zuten. Proposamen honetan, herriek euren elikadura sistema erabakitzeko eta behar guztiak asetzeko duten eskubidea defendatzen zuten; bizitza zentroan jarriz eta, honen erdian, elikadura. Elikaduraz gain, ikuspuntu soziala eman zuten ere bai.
Helburutzat industrializazioaren aurretik ezarrita zeuden ohiturak berreskuratzea dauka mugimenduak. Pribatizazioa, intentsifikazioa, indigenen bazterketa, indibidualismoa… sistematik eliminatzea, naturarekiko harremanak berriz ere orekatzeko eta elikadura osasuntsua bermatzeko. Hau guztia lortzeko, zenbait erronka bete behar dira. Alde batetik, gaur egungo diru laguntzen eredua aldatzea. Izan ere, nekazaritza eredu batentzat soilik daude bideratuta (intentsifikazioa bultzatuz). Nekazariek oso inbertsio altua egin behar dute, eta ezinezkoa da gaur egungo diru laguntzekin proiektu txiki bat hastea. Bestalde, ondasun komunak bultzatu behar dira: ura, zaintzak… kolektibizatu. Azkenik, begi bistakoa dirudien arren, 1. sektorea bultzatu behar da. Baserritar asko behar dira, proiektu txikiak lantzeko, megaproiektuen ordez, eta hauek diru laguntzak behar dituzte. Beraz, guztion esku dago elikadurari dagokionez, sistema burujabe bat eratzea, auzolana bultzatuz eta indibidualismoa alde batean utziz.
2.BURUJABETZA ENERGETIKOA
Burujabetza energetikoari buruz mintzatzera Estitxu Villamor etorri zitzaigun. Gai honetan sakontzeko, lehenengo gaur egungo energia nola eta zertarako erabiltzen den
ulertu behar da. Azken urteotan, energia kontsumoa esponentzialki igo da, erregai fosiletan bereziki. Baina, non igo da gehien bat? Ipar globalean.
Kapitalismoak kapitalaren metaketa ekarri du eta, honekin batera, hegoaldeko lurren metaketa. Petrolioa prozesu honetan oso lagungarria izan da, izan ere, urteko edozein
garaitan produzitu daiteke eta 24 orduko produkzioa ahalbidetzen du. Herrialde bateko barne produktu gordina produkzioarekin lotuta dago, eta produkzioa gauzatzeko energia
da beharrezkoa. Ondorioz, BPGaren eta energiaren arteko erlazioa lineala da. Ezarrita dagoen eredu honetan, helburua hazkunde ekonomikoa da, eta energia murriztea, beraz,
ezinezkoa da. Honek eragin asko dauzka: klima aldaketa, emisio gasen kontzentrazioa, lurreko tenperaturaren igoera…
Aurreikuspen guztiek antzekoa diote. Hubbert-en kurbari erreparatzen badiogu, petrolioaren kasuan, adibidez, produkzioaren gailur bat emango da (ikerketaren arabera,
lehenago edo geroago). Gailurraren ondoren, produkzioa jaisten joango da erregai fosila agortu arte. Berdina gertatzen da beste erregai fosilekin, baita litioa eta uranioarekin. Esan beharra dago berriztagarriek erabiltzen dituzten mineralak agortzeko bidean daudela ere bai, eta hau da euren arazorik nagusienetarikoa. Erregai fosilekiko dagoen dependentzia bukatzen bada ere, berriztagarriek behar duten mineralekiko dependentzia sortuko da. Energia kontsumo itzel honek dituen lehen aipatutako arazoez gain, genero ikuspuntua ematen bazaio, Hego globalean emakumeek pairatzen dituzte ondorio gehienak: ura kutsatuta badago, emakumeak joan behar dira urrutira ur bila; norbait gaixotzen bada, haiek egiten dituzte zaintza lanak…
Euskal Autonomia Erkidegoari dagokionez, kontsumoa asko igo da azken bi hamarkadetan: % 23ko gorakada totala (% 55ekoa krisia baino lehenago). Energia kontsumo gehiena industria eta garraiotik dator (azken bi hamarkadetan, garraioan % 91ko gorakada eman da). Petrolioa, gas naturala eta inportatutako energia dira gehien erabiltzen direnak, eta berriztagarriek % 7,5eko pisua dute (gehien bat, biomasa). Euskal Herriko eredua eredu zentralizatua da, oligopolioa nagusituz (Petronor, Iberdrola, EDF…), azpiegitura handiak bultzatuz eta erregai fosilak oinarritzat hartuz. Iparraldean kontsumitzen den energia gehiena Frantziako nuklearrek ekoiztutakoa da. % 10 pobrezia energetikoko egoeran bizi da: gehien bat emakumeak izanik, eta haien artean, guraso bakarreko familiak (ama bakarrekoak).
Beraz, zein da burujabetzarako errezeta? Gizartean zenbait ideia daude zabalduta. Gehiengoak teknologia berrietan dagoela soluzioa uste du. Baina honek “rebote efektua”
sor dezake. Adibidez, etxe guztietan daukagun eredua aldatzen hasiko bagina led bonbilak instalatzeko edo kontsumo baxuko etxetresnak instalatzeko, produkzio industriala areagotuko litzateke, kontsumoa igoz. Oso zabalduta dagoen beste uste bat, efizientzia energetikoa da. Hau Jevons-en paradoxaren bidez azal daiteke. Ekonomista honek dio efizientzia zenbat eta altuagoa izan, orduan eta altuagoa izango dela kontsumoa. Baina, nola izan daiteke hori? Tresnak efizienteagoak badira, jendeak gehiago erabiliko ditu, eskaera igoz, prezioa jaitsiz eta kontsumoa areagotuz.
Azkenik, berriztagarrien kontua dago. Egia da berriztagarriak erregai fosilak baino hobeak direla zentzu askotan. Hala ere, lehen esan bezala, lehengaiak mugatuta daude.
Bestalde, energia berriztagarriek energia itzulera tasa baxua daukate. Gainera, ez ligukete bermatuko gaur egungo kontsumoa.
Hain zabalduta dauden usteak soluzioa ez direla ikusirik, Estitxuk hurrengo ildoak proposatzen ditu. Lehenengoa eta begi bistakoena, hazkunde ekonomikoa eta “garapen
jasangarria” ezinezkoak direla onartzea da. Energetikoki burujabe izateko lehen pausua energia kontsumoa asko murriztea da, aztarna ekologikoa murriztuz. Zenbat energia
behar dugu ondo bizitzeko? Zer da ondo bizitzea? Zertarako behar dugu energia? Galdera hauek erantzuteko, Estitxuk ekofeminismoa soluziotzat hartzen du, bizitzak erdigunean
jartzen dituen mugimendu politiko-soziala.
Eztabaidan jarri behar den beste galdera nahi dugun eredua zein den da. Sektore publikoak bultzatu behar dira, energia nondik datorren jakin behar dugu (gogoratu
burujabetzak ezagutza bermatzen duela) eta buruan izan behar dugu gu garela gure kontsumo osoaren erantzuleak. Beraz, eredu osoa aldatu behar da.
Azkenik, ze energia iturri behar ditugun argi utzi behar da. Energia berriztagarriak dira beharrezkoak. Transformazio eta garraio galerak ekiditzeko aukera egokia dira eta. Nahiz
eta itzulera tasa baxua izan, gizarte antolakuntza txikietan jasangarria izango litzateke. Hala ere, berriztagarriak erabiltzeko aurreko dena bete behar da.
Baina, esandako guztia posiblea da? Horretarako Estitxuk zenbait esperientzia ekarri zizkigun: energia kooperatibak, tokian tokiko sorkuntza / salmenta / banaketa (Gares)
edota proiektu autogestionatuak. Azken hauen artean, berak hurbiletik bizitako Errekaleor Bizirik proiektua aurkitzen da, benetan interesgarria dena. Beraz, honi buruz
irakurtzea biziki gomendatzen dizuet.
3.BURUJABETZA TEKNOLOGIKOA
Burujabetza teknologikoari buruz hitz egitera Dabid Martinez etorri zitzaigun. Aurreko burujabetzek bezala, burujabetza teknologikoak askatasuna eta jakintza bilatzen du, kasu
honetan teknologiari dagokionez. Hau da, herrialde edo komunitateek euren beharren arabera softwareari, hardwareari, sareari eta abarrei buruzko politika propioak izateko
eskubidea, pribatuak eta seguruak. Hauek ekologikoki, sozialki eta ekonomikoki egokiak izanik.
Hau betetzeko, Dabidek zenbait ezinbesteko ezaugarri aurkeztu zizkigun: informatika libre eta irekia (software eta hardware librea), antolaketa horizontala eta erresilientzia. Honetaz gain, ekonomia sozialean oinarrituta dagoen, eta tokikoa den, sistema proposatu zuen, desazkundea oinarritzat hartuz. Kontuan izan behar da gaur egungo eredu teknologikoa ez dela bideragarria (mugikorrak 2 urtetan behin aldatzen ditugula edota zaharkitze programatua aparatu gehienetan inplementatuta dagoela ikusiz). Kasu guztietan bezala, teorian erraz ikusten da, baina nola lortzen da burujabetza teknologikoa? Gakoa libre hitzean dago.
Software eta hardware libreak, telekomunikazio sare libreak eta kultura librea dira beharrezkoak. Hala ere, hau guztia gauzatu ahal izateko, konpromiso politiko handia behar da. Software libreari dagokionez, programa erabiltzeko askatasuna, nola funtzionatzen duen edo nola aldatu daitekeen ikasteko askatasuna, programaren kopiak banatzeko askatasuna eta programa hobetzeko askatasuna hartzen dira helburu moduan.
Hardware librea izateko, diagrama libreak behar dira: adibidez, zirkuitu bat erreproduzitzeko gai izan beharko ginateke honen diagrama izanik. Hala ere, honek, gaur egun, zenbait arazo dauzka. Beste batzuen artean, inportatutako osagaiekiko menpekotasun teknologikoa, ekoizpen kostu altuak, zenbait enpresek daukaten ezagutza metaketa, zaharkitze programatua…
Bestalde, libreak, irekiak eta neutralak diren telekomunikazio sare sozialak behar dira. Honen adibide Guifi.net, Network Bogota, Mastodon, Plerona… ditugu. Dabidek esandako esaldi batek ondo laburbiltzen du hau: “influencer gutxiago eta erreferente gehiago”. Baina, esan bezala, burujabetza teknologikoa lortzeko konpromiso politikoa behar da. Horretarako, honen alde egiten duten zenbait proiektu existitzen dira: librezale.eus edo hack.in#badakigu, besteen artean.
Bukatzeko, pentsakor utzi zidan hurrengo kontua zuentzat uzten dut: pentsaezina baldin bada eskola bateko jantokian McDonald’s eta BurgerKing lehiatzea janaria emateko
orduan, zergatik informatikan bai gerta daiteke (Google, Facebook, Windows…)?
4.URAREN BURUJABETZA
Burujabetzekin bukatzeko, Jairo Marcos eta María Ángeles Fernandez etorri zitzaizkigun Desplazados.org-etik. Izan ere, Memorias Ahogadas ikerkuntza burutu dute,
hidroelektrikoek herri eta pertsona askorengan izandako eraginari buruzko ikerkuntza. Honetaz gain, uraren burujabetzari buruzko solasaldia izan genuen.
Testuinguruan jartzeko, uraren burujabetzak bi ikuspuntu dauzka: ura guztion ondasun bezala hartuta (ekonomiaren ordez, bizitza erdian kokatzea), eta ura giza eskubide bezala
ikusita. Milioika pertsona bizi dira urik gabe eta ez dakigu benetan nork kontrolatzen duen ura munduan (multinazionalek, kasu askotan). Herrialde askotan ez dago
saneamendura sarbiderik eta honek emakumeengan sortzen ditu ondorio gehienak. Izan ere, gauean emakume bat baso batera, adibidez, joan behar bada, bortxaketa asko eman daitezke.
Emergentzia klimatikoaren ondorioz, lehorteak handiagoak dira eta, honekin batera, uretarako sarbidea gero eta txikiagoa da. Ura enpresa baten eskuetan badago, enpresak
berak erabakiko du nori heltzen zaion edo ez. Herrialdeei dagokienez, batzuek ura izateko eskubidea onartzen dute, baina ez da beti betetzen.
Munduan erabiltzen den uraren %70 nekazaritzarako erabiltzen da (herrialde batzuetan %90ra heltzen da). %22 industrian eta %8 etxeetan erabiltzen da. Nekazaritza intentsiboa ematen bada, ur gehiago erabiliko da. Gainera, gaur egungo uraren kudeaketa ureztatzea igotzerantz doa bideratuta, kontrakoa izan beharko litzatekeenean. Ura bizitzeko beharrezkoa da. Pedro Rojo egileak proposatzen duen moduan, bizitzeko beharrezkoa den urak prezio sinbolikoa izan beharko luke, eta hortik gorako kontsumo guztia garestiago ordaindu beharko litzateke (industrietan, adibidez).
Bestalde, botilako uraren inguruan sortutako negozioa daukagu. Guztion ondasun bat erabiliz, enpresa batzuk aberasten ari dira. Izan ere, ur honen prezioa txorrotatik irteten
dena baino 130 aldiz garestiagoa da. Hau deigarria da Espainia bezalako estatu batean, non uraren %95 edangarria den. Beraz, uraren burujabetza lortzeko, guztion eskura egotea lortu behar da, izan ere, giza eskubidea da.
Bukatzeko, hasieran aipatu bezala, María Ángelesek eta Jairok Memorias Ahogadas ikerkuntza burutu dute. Espainiar estatuan altuera handiko 12.000 presa baino gehiago daude. 50.000 pertsonek euren etxeak eta oroitzapenak utzi behar izan zituzten hauek eraiki zirenean. Espainiako energiaren %15ak, gutxi gora-behera, jatorri hidraulikoa dauka. Ibaien emariaren %50a kontrolatuta dago, burujabetza mugatuz. Honek lortu duena zera izan da: lehentasuna ematea uraren bidezko aberastasunari, giza eskubidea bermatu ordez.
Hidroelektrikoak pribatuak dira. Estatuak eraikitzen ditu, eta enpresa pribatuei ustiatzeko eskubidea ematen die denboraldi batean zehar (75 urte inguru). Zergatik ez da publikoa uraren kudeaketa? Burujabetza galtzen ari da, eta zenbait boterek erabakitzen dute uraren erabilera. Egia da ura baliabide bezala erabiltzen jarraituko dela, baina guk erabaki beharko genuke nola kudeatzen den.
La entrada BURUJABETZA aparece primero en ISF Euskadi.
0 comentarios