Naiara Mantzizidor-k idatzitako artikulua.
Atzo, azaroak14, larunbata, Garapena, lankidetza eta Giza Garapenerako teknologien XXI. Mintegiko parte-hartzaileok Artxanda mendira igo ginen Eduardo Renovalesen gidaritzapean. Eduardo Renovales Ekologistak Martxan Bizkaiako ekintzailea da, ingurumen naturalean espezializatua.
Mintegiko bigarren ekitaldi presentziala izan zen atzokoa, eta oso aberasgarria izan zenonline ezagutu dugun jendea aurrez aurre ikusi eta beraiekin pantaila bat tarteko izan gabe hitz egin ahal izatea. Edukiak barneratzeko ere askoz errazagoa eta eramangarriagoa izan zen. Pertsonalki, asko gozatu nuen atzoko ibilaldian.
Goizeko 9:45ean, Bilboko Funikularreko plazan elkartu ginen. Funikularra hartu eta Artxandara igo ginen. Artxandatik Bilbo osoa ikusten zen, inpresioa egiten zuen hain hiri handia goitik osorik ikusteak. Garai batean mendiak eta zelaiakizango zirena, zementuak estalita.
Artxanda Bilboren garapen eta masifikaziotik kanpo geratu da neurri batean, eta horrek bere balio naturala hobeto kontserbatzea ekarri du; balore natural handienetarikoa duen Bilboko txokoa da Artxanda.
Lehenengo geldialdia “Aterpe 1936” monumentuaren ondoan egin dugu, “La huella” izenez ezaguna. Monumentu hau Gerra Zibilean faszisten aurka egin zuten gudarien omenez jarri zuten 2006ko ekainaren 18an.
Monumentu honen alboan egonik eta Bilbo osoa begien aurrean izanik, Bilbo hiriaren historiaz hitz egin digu Eduardok. 700 bat urteko historia duen hiria da Bilbo. Diego Lopez Harokoak, leku estrategikoa zela iritzita, Bilboko zonaldeko herritarrei hainbat pribilegio eman zizkien, Bilbori hiribildu titulua emanik, eta horrela hasi zen inguruan nabarmentzen. Beranduago, Gaztelako komertzio guztiak bertatik itsasoratzea nahitaezko egin zuten, eta beste hainbat neurri komertzial ere hartu ziren. Horrela, Bilboko portua garrantzia hartzen joan zen.
Hainbat krisisortu ziren eta horietatik irtetzeko, lur komunalak saldu zirenbatetik, baliabide naturalak aberatsenen esku utziz. Burdina eta egurra herriaren esku egon ziren une hartara arte, baina momentu horretatik aurrera dirua lortzeko esplotatzen hasi ziren. Horrez gain, bertako industria garatzen hasi ziren eta horrek Bilboko kutsadura nabarmen areagotu zuen. Ingurutik jende asko etorri zen Bilbora lan egitera. Industrializazioarekin batera hainbat mugimendu sozial ereiritsi ziren, tartean langile-mugimendua.
Hainbat ondorio atera nituen hasierako hizketaldi honetatik. Batetik, zein garrantzitsua den historia ezagutzea gaur egungo errealitatea ulertzeko, ez baikara kasualitatez iritsi gaur egungo egoerara. Bestetik, zenbat aldiz gailendu den diruaren gosea zaintzaren gainetik. Mende askotan hain ondo zaindutakoa, bizitza eusteko adina bakarrik erabiliz, zein mende gutxitan hankaz gora jarri daitekeen jada aberatsak direnak gehiago aberasteko, dena galduko duen herriaren kontura.
Bidean aurrera egin genuen, telefonia-dorre baten albora iritsi arte. Bertan, kutsadura elektromagnetikoaz hitzegin zigun Eduk. Garai batean polemika sortu zuen, osasunerako kaltegarriak izan zitekeelakoan, baina azken urteetan ez da gehiegi hitz egin gaiaz. Hala ere, badirudi 5Garen hedapenarekin berriro ere kutsadura elektromagnetikoa eztabaidagai bihurtuko dela gizartean.
Hurrengo geldialdia tentsio-linea baten alboan egin genuen. Elektrizitatea funtsezko elementu bihurtu da gaur egungo bizitzan, baina beraienarazoak ere sortzen dituzte tentsio-lineek. Hegazti asko azaltzen dira tentsio-lineen aurka jo edo gaineanjartzeagatik elektrokutatuta.
Isolamendua hobetzeko presioa egiten saiatzen dira hainbat talde ekologista. Horrez gain, zuhaitzak gainera ez erortzeko, alboetan ezin da zuhaitzik landatu, eta jada daudenak kimatu egiten dira, gehiegi ez hazteko. Landaredia kentzen den leku hauek paregabeak dira landare inbaditzaileentzat eta askotan ikus ditzakegu panpa-belarrak tentsio-lineen inguruan. Landare hauek ugaltzeko gaitasun ikaragarria dute eta bertako espezieei lekua kentzen die.
Ondoren, San Roke ermitaraino joan ginen eta Eduardok azalpenekin jarraitu zuen, baina beste ikaskide batek emango dizue kontu hauen berri.
Oso esperientzia polita izan zen atzokoa. Sekulako eguraldia egiten zuen eta inguruko paisaiaz gozatzeko aukera izan genuen. Zaintzeko beste arrazoi bat, aurretik gutxi bagenituen.
La entrada Ibilbide ekologikoa Artxandatik aparece primero en ISF Euskadi.
0 comentarios