Mugarik Gabeko Ingeniaritzatik denbora daroagu gure praktiken gainean hausnartzen eta gizarte eraldaketarako beharrezkoak kontsideratzen ditugun baldintzetarako ikuspuntuak eta ekintzak txertatzen; ez soilik emaitzetan, baizik eta prozesuetan ere. Ildo horretan, duela pare bat urte sexu eta genero aniztasunak gure proiektuetan zuen gabezia kontsideratuta, gaian sakontzen eta bizipenetatik gutxinaka gutxinaka errealitate hori gure talde dinamiketan eta ekintzetan sartzen hasi ginen.
Uste dugu gure erakundeak eraldatzeko, lehenik eta behin guk geuk ditugun pribilegioen gaineko kontzientzia hartu behar dugula eta horiek aldatu. Hori dela eta, pasa den urriaren 28an, Hiruki larroxa kolektiboarekin gure gorputzak, desirak eta praktikak desheterosexualizatzeko tailer praktikoa burutu genuen. Zer da heterosexualitatea? Tailerretik argi jaso genuen heterosexualitatea ez dela soilik sexu-praktika bat, baizik eta gure harremanak eta desirak baldintzatzen dituen arkitektura kapitalismoaren mesedetarako. Horretarako, ariketa bat egin genuen ikusteko zelan heterosexualitateak arlo pertsonalean, sozialean eta instituzionalean eragina duen, hirurak elkarri lotuta egonik.
Bestalde, 1982an Gayle Rubin ekintzaile lesbiana eta feministak praktika sexualen inguruan egindako “hierarkia sexuala” eskemari erreparatu ahal izan genion, ikusteko nola dagoen ondo markaturik perbertsioaren eta normaltasunaren arteko muga, eta LGTB izanik ere, heteroaraua artikulatu daitekeen.
Tailerretik indartu genuen LGTB pertsonen bizitzekin dirua egiteko enpresa zein erakundeekin lanik egingo ez dugula, ez eta LGTB askapenaren izenean indar errepresiboekin lan egiten duten elkarteekin edota herri zapalduen suntsipenean parte hartzen duten dinamikekin ere.
0 comentarios